Nekazaritza sektorearen

aholkularitzan espezializatua den enpresa

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxa Ekoguneak eta Behemendik hitzarmena sinatu dute, Lezon agroalde berri bat martxan jarriz, nekazaritza ekologikoa sustatzeko

Proiektu hau laster aurkeztuko den Gipuzkoako Nekazaritza Lur Funtsaren lehen ekimena da. Urrullo baserriak dituen sailetan hektarea bateko baratza moduluak banatuko dira eta gutxienezko azpiegituraz hornituko dira bertan baratzak eskaintzeko nekazari gazteei.

 

 

descarga

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxa Ekoguneak eta Behemendi Landa Garapeneko elkarteak hitzarmena sinatu dute, Lezoko Urrullo baserriaren lurretan bost baratza ekologiko errentagarri sortzeko, beste hainbat nekazari gazterentzat.

 

Hitzarmenari esker 102.820 m2-ko azalera duen lursaileko eremu baten egokitzapena burutuko da, nekazaritza jarduera errentagarria sortu eta haize librean egingo den baratzagintza ekologikora bideratuz.

 

Aldundiaren jabetza duen eta Urrullo edo Urreleku izenez ezagutzen diren baserri eta lursaila Lezoko udalerriaren, Gaintxurizketako eremu urbaniza ezinean, kokatzen dira.

 

Proiektuak eremu handi baten aprobetxamendua aurreikusten du (5,5 Ha),  Hektarea bana izango duten bost baratza prestatzeko. Ura eta bidea, hau da, gutxienezko azpiegiturak izango dituzte sail guztiak. Era berean, Urreleku baserriaren atzean dauden eraikin zaharrak botako dira eta bertan 160 m2-ko negutegi-almazena eraikiko da, ura eta elektrizitatez hornituta.

 

Proiektuaren xedeak

Proiektu honen helburuak honakoak dira:

  • Nekazaritza ekologikoa sustatzea.

  • Lehen sektorean bost lanpostu zuzen sortzea.

  • Gaur egun soilik abeltzaintza erabilera duen sailari probetxu gehiago ateratzea.

  • Eskualde honetan baratzagintza arloak duen finkapenaz baliatzea, bere  ekoizpen eta merkaturatzean hasi edo hedatzeko.  

 

 Lurraren baratzagintzarako egokitzapenak ez du lan handiak egitea ekarriko, soilik lurraren goldaketa. Baratza sail bakoitzera sarrera izateko zerbitzu-bidea eraikiko da.

 

Bost nekazal eremu hauek ustiatu nahi dituzten nekazariek, baratzagintza jardueren ezarpena ahalbidetu behar dute,  azalera osoaren %10ean tunel moduko negutegiak kokatzea onartuko bada ere. Egokitzapenak, ikus-eremuaren gain sor dezaken eragina gutxienekoa edo ezdeusa izateko moduko diseinua izango dute. Material eta eraikuntza-sistemetan zentzuz ekonomizatzea, beste baldintzatako bat izango da, eta baita azpiegituran ere. Gainera orain lursail honetan garatzen diren gainontzeko erabilerekin ahalik eta bateragarritasun handiena lortzen saiatuko da.

 

Lursailaren egokitzapenerako lanen gauzatze materialaren aurrekontua EHUN ETA ZAZPI MILA LAUREHUN ETA HOGEITA HEMEZORTZI EURO ETA BI ZENTIMO (107.438,02 €) da.

 

  1. PRESTAKETA LANAK 3.030,00

  2. BIDEA 39.960,00

  3. UR-SAREA 45.370,02

  4. ERAIKINA 19.078,00

---------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

 descarga2

 

GAUZATZE MATERIALAREN GUZTIZKO AURREKONTUA 107.438,02 €

Nekazaritza Lur Funtsa sortzeko lehen urratsa

 

Azken urteotan Gipuzkoako nekazaritza ustiategien kopuruak izan duen beherakada nabarmena da. Ustiategi askotako jarduera bertan behera utzi da eta lursailak erabilpen gutxirekin edo gabe gelditu dira.

 

Aldi berean, nekazaritza lurzoru erabilgarriak galtzen ari dira, hiri eta industri garapeneko azpiegitura eta jarduera berrien eraginez. Guzti hau eragozpen bihurtzen da hain beharrezkoa den belaunaldi aldaketarako. Ustiategiei beren xedeetarako behar duten nekazaritza lurzorua eskaintzeko, lurrak aldi baterako lagatzeko merkatua dinamizatuko duen Gipuzkoako Nekazaritza Lurren Funtsa sortzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak beste eragileekin elkarlanean, dauden nekazaritzarako finka erabilgarriak edo haien gaineko eskubideak interesatuta dauden pertsonen eskura jartzeko asmoz.

 

Lurren Funtsean bertako xedeekin bat datozen ondasun eta eskubideak sartu ahal izango dira; bertan, lursail horien eskaintzari eta eskariari buruzko datuak zentralizatuko dira, edozein pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribatuk erabili eta aprobetxatu dezan lagatzeko. Horrez gain, tresna bat da hirugarrenekin bitartekari lanak egiteko, bai finkak Nekazaritza Lurren Funtsean sartzeko eta bai horiek lagatzea lortzeko.

 Funtsean sartzen diren ondasun eta eskubideek honako xede hauek izan ditzakete:



  1. Nekazari gazteak finkatzea.

  2. Nekazaritza ustiategi berriak sortzea.

  3. Azpiegitura publikoak egin ahal izateko desjabetze prozesuak jasan dituzten nekazaritza ustiategiei bideragarri izaten jarrai dezaten laguntzea.

  4. Agroaldeak sortzea

 

Proiektu guzti hau nekazaritza alorreko jarduera sustatu eta indarberritzeko asmoz burutzen ari da.

 

Nekazaritza Lurren Funtsaren kudeaketan eragile aktiboak dira Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteak, informazio puntu eta inbertsioen eragile, eta Kutxa Ekogunea aliatua izango da.

 

Kutxaren Ekogunea sarean lanean

Kutxa Ekogunea Europako hegoaldean sortuko den lehen Jasangarritasunaren Eko-parkea izango da. Parkea garatzen den bitartean Ekoguneak hainbat proiektu sustatzen ditu Gipuzkoan, tartean nekazaritza ekologikoa indartzeko ekimenak. Gipuzkoako Baratza Parke Sarea ekimen horietako bat da, herritarren artean elikadura osasuntsua eta ekologikoaren onurak zabaltzeko. Bigarren ekimen bat nekazari gazteei nekazaritza ekologikoan jarduteko tresnak eskaintzea da, eta gaur aurkezten dugun proiektu hau estrategia honetan kokatzen da.

 

Jaizkibel Urrulloko proiektuaren aurrekontua 130.000 eurokoa: Behemendi Elkarteak 45.000 euro jarriko ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak 45.000 euro, eta Kutxa Ekoguneak 40.000 euro.